Edukira joan

Azeri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau ugaztun ezagunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Azeri (argipena)».
Azeri arrunt bat, Algonkin probintzia parkean (Ontario, Kanada).

Azeriak —Bizkaiko gune batzuetan, lukiak— tamaina txiki-ertaineko ugaztun orojaleak dira. Canidae familia barruan hainbat generotako espezieak barneratzen ditu azeri izenak. Azerien taldean sailkatu diren animaliek burezur laua, belarri triangeluar tenteak, mutur nabarmena eta buztan iletsu luzea dituzte ezaugarri.[1]

Azeri izenez ezagutzen diren espezieen barruan, 12 espeziek “benetako azerien” talde monofiletikoa osatzen dute, Vulpes generoan sailkatzen direnak. Beste 25 espezie, gaur egungo eta iraungitako espezieak, beste bi talde parafiletikotan  sailkatzen dira: Hego ameriketako azerien taldean eta beste talde periferiko batean.[2]

Distribuzioari dagokionean, Antartikan izan ezik, beste kontinente guztietan bizi dira azeriak. Hala ere, azeri espezie hedatuena Vulpes vulpes espeziea da: azeri arrunta, Euskal Herrian dugun espeziea. Espezie horrek 47 subespezie ditu. Azerien distribuzio zabalak eta haien maltzurkeria ospeak, animalia talde honen nagusitasunean eragin du, mundu mailako gizarte herri eta eta kulturetan protagonismoa lortuz.

Gaur egun azeria Europan, Asian, Ipar Amerikan, Afrika iparraldean eta Australia hegoaldean bizi da. Munduan zabalduen dagoen basa haragijalea da. Eurasiako lurralde guztian zehar hedatzen dira azeriak. Afrikan, Saharako basamortuaren iparraldean bizi dira. Hegoaldeko muturrean ere badago espezie bat. Ipar Amerikan ere, Mexikotik Kanadako iparralderaino zabaltzen da banaketa. Australia, berriz, kasu berezia da. Han azeria ez da berez iritsi. Azeria gizakiak sartu zuen artifizialki, eta denborarekin populazioaren tamaina handitzen joan da lurralde osora zabaldu arte.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azeria Euskal Herrian leku guztietan aurkitzen da. Euskal Herrian aurkitzen den azeri espeziea azeri arrunta edo Vulpes vulpes da. Iparraldeko kostatik Nafarroako basamortura zabaltzen da, mota guztietako habitat eta lurraldeak hartuta.

Azeriak munduan aurkitzen diren ia habitat guztiak konkistatzea lortu du bere adaptazio ahalmenari esker.

Filogenia eta sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azeriak Canidae familiako animaliak dira. Hala ere, familia honek otsoak, etxeko txakurrak eta beste hainbat generotako animaliak ere barneratzen ditu. Ondorioz,  “azeri” izenak Canidae familia barruan azeri itxura duten animaliak biltzen ditu; ez dio talde taxonomiko zehatz bati egiten erreferentzia.

Azerien taldean dauden genero zein espezieak ugariak dira. Ezagutzen direnak hurrengo taulan aipatzen dira.

Generoa Espeziea Izen arrunta Irudia
Canis Canis simensis Etiopiako otsoa, abisiniako otsoa, txakal gorria edo simiar txakala.
Cerdocyon Cerdocyon thous Azeri txakurra.
Dusicyon Dusicyon australis Azeri antartikoa, azeri australa, guara edo Falkland irletako azeria.
Lycalopex Lycalopex culpaeus

Lycalopex fulvipes

Lycalopex griseus

Lycalopex gymnocercus

Lycalopex sechurae

Lycalopex vetulus

Azeri kulpeoa.

Azeri darwiniarra.

Azeri grisa.

Pampetaako azeria.

Peruko basamortuko azeria.

Jaguapitangoa.

Lycalopex culpaeus
Lycalopex fulvipes
Lycalopex griseus
Lycalopex gymnocercus
Lycalopex sechurae
Lycalopex vetulus
Nyctereutes Nyctereutes procyonoides Azeri mapatxea edo mapatxe txakurra.
Nyctereutes procyonoides
Otocyon Otocyon megalotis Azeri belarriluzea.
Otocyon megalotis
Urocyon Urocyon cinereoargenteus

Urocyon littoralis

Azeri grisa.

Azeri penintsularra.

Urocyon cinereoargenteus
Urocyon littoralis
Vulpes Vulpes lagopus

Vulpes bengalensis

Vulpes cana

Vulpes chama

Vulpes corsac

Vulpes zerda

Vulpes macrotis

Vulpes pallida

Vulpes rueppellii

Vulpes vulpes

Vulpes velox

Vulpes ferrilata

Azeri artikoa.

Bengalako azeria.

Azeri afganiarra.

Caboko azeria.

Corsac azeria.

Feneko azeria.

Basamortuko azeria.

Azeri argia.

Rüppellen azeria.

Azeri arrunta.

Kometa azeria.

Tibeteko azeria.

Vulpes lagopus
Vulpes bengalensis
Vulpes cama
Vulpes chama
Vulpes corsac
Vulpes zerda
Vulpes macrotis
Vulpes pallida
Vulpes rueppellii
Vulpes vulpes
Vulpes velox
Vulpes ferrilata

Azeriek eskuarki Canidae familiako beste kide batzuek (otsoa eta txakala, adibidez) baino tamaina txikiagoa izaten dute. Hala ere, familia horretan badira tamaina txikiagoko espezieak (mapatxeak, adibidez).[3] Tamaina handiena izatera heltzen den azeri espeziea azeri arrunta (Vulpes Vulpes) da, eta, 4,1 - 8,7 kilo bitarte pisatzera heltzen baita. Bestalde, feneko azeria 0,7 - 1,6 kilo pisatzera heltzen da.[4]

Azerien ezaugarri ohikoenak dira aurpegi triangeluarra, goranzko belarriak, mutur luzea eta buztan iletsua. Digitigradoak dira; hots, hatzen gainean ibiltzen dira. Azeriek atzapar partzialki erretraktilak dituzte, Canidae familian arraroa den ezaugarria. Azerien bibrisak beltzak dira, eta gorpuz atal bakoitzean luzera desberdina hartzen dute. Muturreko bibrisak dira luzeenak: 100-110 mm inguru. Hankako bibrisak, berriz, 40 milimetroko luze izaten dira. Beste ezaugarri fisikoak espezie bakoitzaren habitataren arabera aldatzen dira.[2]

Azerien ilajea hainbat kolore, dentsitate eta luzeratakoa izan daiteke. Ilaje-desberdintasuna habitat bakoitzerako moldapentzat azaldu daiteke. Feneko azeriek eta basamortuetako beste azeri espezieek ile motza eta belarri luzeak dituzte, gorputza hotz mantentzeko. Azeri artikoetan kontrakoa gertatzen da: ile luze eta belarri motzekin, beroa mantentzea lortzen dute. Azeriek urtarotik urtarora ilajea aldatzen dute: ilajea sarriagoa garatzen dute neguan, eta bakanagoa udaberri eta udan.[4][5]

Azerien hortzeriak kanidoen ohiko morfologia du. 42 hortzek osatzen dute, eta haragijaleen moldapenak erakusten dituzte; hots, hortz kaninoak eta karnasialak.

Garezurrari dagokionez, benetako azerien (Vulpes generoko azeriak) eta beste motetako azerien artean desberdintasun morfologikoak agertzen dira. Desberdintasun nabarienak gandor tenporalean eta lobulu subangularrean ikus daitezke. Benetako azerietan ez dira beste azerietan bezain markatuak eta irtenak.

Naturan, aske bizi den azeri baten bizi-itxaropena urtebetetik hasita hiru urte artekoa izan ohi da. Hala ere, badaude hamar urte bizitzera ere heldu diren banakoak. Beste kanido batzuk ez bezala, azeriak ez dira beti taldekoiak izaten. Espezie gehienek talde txikietan bizitzeko ohitura dute. Hala ere, badaude bakartiak diren azeriak ere (azeri artikoa, adibidez).

Gainerako ugaztunek bezala, azeriak sexualki ugaltzen dira, eta haurdun gelditzeko arrakasta probabilitatea % 80koa da. Oro har lau eta bost ume izaten dituzte haurdunaldi bakoitzeko, baina hori aldatu egiten da espezie motaren eta ingurunearen arabera: azeri artikoak, adibidez, 11 ume izan ditzake hardunaldi bakoitzean.

Azeriak monogamoak dira. Oro har, neguan gertatzen da araldia, eta haurdunaldiak zortzi aste inguru irauten ditu. Erditzean umeak gordeleku batean babesten dira aste batzuetan zehar, eta udaran ateratzen dira gurasoekin batera. Udaratik udazkenera bitartean ehiza ikasten dute, eta, independentzia irabaztean bakoitza bere bidea hasten du.

Azeri emeak oro har sei edo zortzi bular-guruin ditu. Aldi berean, guruin bakoitza 8tik 20ra hodi galaktoforo ditu.

Azeri arrak, beste kanidoak bezala, makulua du. Zakilarekin batera, eskrotoa gorputzetik gertu sostengatzen da. Azeri espeziearen arabera esperma ekoizpena urteko sasoi desberdin batean hasten da[6][7][8][9].

Azeriak orojaleak dira. Batez ere, ornogabeez —hala nola intsektuez— zein ornodun txikiez —hala nola narrastiez eta hegaztiez— elikatzen dira. Hala ere, badira beste animalia batzuen arrautzak edo landare espezie batzuk jaten dituzten azeriak ere. Espezie gehienak harrapakari generalistak dira, baina gutxi batzuk (azeri txakurra adibidez, karramarro-jalea) elikadura espezifikoagoa dute. Azeri gehienek 1Kg inguru jaten dute egunean, eta janari soberakinak hosto, elur eta lur azpian gordetzen dituzte gerora kontsumitzeko. Ehizatzeko metodoa ingurunean kamuflatu eta harrapakinaren gainera salto egitea da. Ehizatu nahi duten harrapakina aukeratu ostean, lurrean makurtzen dira, eta, atzeko hankez baliatuta, harrapakinaren gainera salto egiten dute. Ehizatzea errazten dien ezaugarria hortz kaninoen presentzia da. Horiei esker, harrapakinaren lepoa eutsi eta astindu egiten dute hil arte, edo behintzat, erraiak ateratzea posible izan arte[10].

Kanidoen taldean soilik bi espeziek dute zuhaitzak eskalatzeko gaitasuna: azeri grisak eta azeri mapatxe.

Azeri gehienen populazioen tamaina estimatzea zaila izan. Hainbat ikerketa daude benetako tamainen estimazioak egiten saiatzen ari direnak. Kasu batzutena errazagoa da, espezie batzuk lurralde zehatz batzuetara mugatuta daudelako. Baina, beste kasu batzuetan, ia ezinezkoa da.

Zailtasun horiek guztiek alde batera utziz adituen arabera gaur egungo azeri espezie askoren tamaina txikitzen ari da. Gizakiak duen eraginaren ondorioz gertatzen ari da beherakada hau. Arazo nagusiak habitat murrizketak eta zatiketak dira. Espezie hedatuenen egoera, berriz, egonkor mantentzen da, adibidez azeri arruntaren (Vulpes vulpes) kasuan. Azeri arruntaren populazioaren tamaina jakitea ezinezkoa da, duen hedadura zabalarengatik. Horregatik, haren populazioaren zenbatespena lurralde zehatzetara murrizten da eta, hala ere, oso zaila da. Populazioa egonkorrean dauden beste espezie batzuen adibideak: Lycalopex culpaeus, Vulpes lagopus edo Cerocyon thous dira. Horien egoera, IUCNren zerrenda gorrian: arrisku txikiko espezieak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Macdonald, David Whyte; Sillero-Zubiri, Claudio. (2004). The biology and conservation of wild canids. Oxford University Press ISBN 978-0-19-851555-5. (kontsulta data: 2024-11-07).
  2. 1 2 Lloyd, H. G.. (1981). The red fox. (2. impr. argitaraldia) Batsford ISBN 978-0-7134-1190-4. (kontsulta data: 2024-11-07).
  3. Lariviere, Serge; Pasitschniak-Arts, Maria. (1996-12-27). «Vulpes vulpes» Mammalian Species (537): 1.  doi:10.2307/3504236. (kontsulta data: 2024-11-07).
  4. 1 2 Nobleman, Marc Tyler. (2007). Foxes. Marshall Cavendish Benchmark ISBN 978-0-7614-2237-2. (kontsulta data: 2024-11-07).
  5. «Gray Fox-like Canids» Canids of the World (Princeton University Press): 274–309. ISBN 978-0-691-18541-5. (kontsulta data: 2024-11-07).
  6. Nowak, Ronald M.; Macdonald, David W.; Kays, Roland W.. (2005). Walker's carnivores of the world. Johns Hopkins Univ. Press ISBN 978-0-8018-8032-2. (kontsulta data: 2024-11-07).
  7. Hildebrand, Milton. (1952-11). «The Integument in Canidae» Journal of Mammalogy 33 (4): 419.  doi:10.2307/1376014. (kontsulta data: 2024-11-07).
  8. (Ingelesez) Parkes, I. W. Rowlands and A. S.. (1935-09). «The Reproductive Processes of certain Mammals.—VIII. Reproduction in Foxes ( Vulpes spp.).» Proceedings of the Zoological Society of London 105 (4): 823–841.  doi:10.1111/j.1469-7998.1935.tb06267.x. ISSN 0370-2774. (kontsulta data: 2024-11-07).
  9. Jones, J. K.. (1989-08-18). «Heptner, V. G., A. A. Nasimovich, and A. G. Bannikov. MAMMALS OF THE SOVIET UNION (V. G. Heptner and N. P. Naumov, eds.), Vysshaya Shkola, Moscow, vol. 1, Artiodactyla and Perissodactyla, illus., 1961. English edition, R. S. Hoffmann (sci. ed.)» Journal of Mammalogy 70 (3): 679–679.  doi:10.2307/1381452. ISSN 1545-1542. (kontsulta data: 2024-11-07).
  10. (Ingelesez) Macdonald, David W.. (2010-04-26). «Food Caching by Red Foxes and Some Other Carnivores» Zeitschrift für Tierpsychologie 42 (2): 170–185.  doi:10.1111/j.1439-0310.1976.tb00963.x. (kontsulta data: 2024-11-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]