Edukira joan

Femen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Femen
Datuak
Motaemakumeen erakundea, nudity and protest (en) Itzuli, topless protest (en) Itzuli eta feminismoa
Jarduera
Kide kopurua40
Agintea
LehendakariaAnna Hutsol
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
Kideak
Historia
Sorrera2008ko apirilaren 10a (juliotar egutegia)
Sortzailea
webgune ofiziala
Facebook: femenukraine X.com: femen_movement Instagram: femen_movement MySpace: femenukraine Pinterest: femen0126 Edit the value on Wikidata

Femen (ukraineraz Фемен) 2008an Kieven (Ukrainan) sortu zen talde feminista da. Emakumeentzako zapaltzaileak diren elementuak kontsideratzen dituen patriarkatuaren, diktaduren, erakunde erlijiosoen eta sexu-industriaren aurka protesta egiten du erakundeak. Mugimenduko ekintzaileak eskubide berdintasunaren, justizia sozialaren eta demokraziaren defendatzaile eta homofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren etsai bezala agertzen dira.[1]

Munduan berdintasun sexuala eta soziala defendatzea helburu duen erakundeak bere aitortza eta kazetarien arreta lortu du bere protesten izaeragatik, non emakumeak askatasuna eta independentzia sinbolizatzen dituen lore koroa batekin agertzen diren, bularrak agerian dituztela eta bere azalean patriarkatuari zein matxismoari kritika gogorra egiten dioten mezuak daramatela. Bere protestek eragin dituzten hainbat erreakzioren aurrean, nudismoa aldarrikatu eta protesta modu gisa defendatzen du FEMENek. Beraiek diotenez arazoa emakumearen gorputzari egotzi zaion konnotazio sexualean dago.[2]

Biluztasuna erabiltzen dute protesta tresnatzat Femen taldeko militanteek.

Nazioarteko elkartasuna ere taldearen ezaugarri bihurtu da, eta gaur egun haien militanteak mundu osoko hainbat Estatu ezberdinetakoak dira.[3] Militante gehienak 18-20 urteko emakume unibertsitarioak dira.[4] Haien ekintzak oso kritikatuak izan dira eta Ukrainako egungo alderdi nagusiak eta Estatuko lehendakari Viktor Janukovitxek ahalegin handiak egin dituzte taldearen ekintzen aurka.

Anna Hutsol ekonomialari ukrainarrak, lan promesa faltsuekin atzerrira heldutakoan sexualki esplotatutako milaka gazte ukrainarren egoeraz jabetuta, 2008ko apirilaren 10ean Etika Berria izeneko taldea sortu zuen, emakume ukrainarren aukera faltaren aurka borrokatzeko eta, aldi berean, bertako feminismoaren ikuspegia eraberritzeko.[5] Gerora FEMEN izena hartu zuen erakunde horrek amaiera eman nahi zion "gizarte matxistak feminismoari ezarri dion estereotipoari: emakume ez oso erakargarriak eta homosexualak". Bere aktibistek, feminismoaren ikuspegia eraldatuz, agerian utzi nahi zuten "emakume erakargarri eta probokatzaile batek ez duela zertan emakume ergelaren estereotipoari erantzun behar, baizik eta, protesten bidez frogatzen saiatzen diren bezala, azkarra eta aktiboa izan daitekeela". Oksana Shachko aktibistaren hitzetan, “Arreta deitzeko modu berri bat behar dugu”.[6]

2008an, taldeko ekintzaileak hogei urte inguruko gazte unibertsitarioak ziren, eta Kieven egiten zituzten protesta gehienak, baina beraien aldarrikapenak Ukrainako beste hiri batzuetara ere zabaldu ziren, esaterako, Odesa, Dnipro edota Zaporizhiara. Erakundeak "Ukrainako emakumeek Ukrainaren etorkizun politiko eta sozialean paper garrantzitsua har zezaten" borrokatzen zuen. Helburu horrekin 2012ko Ukrainako legebiltzarrerako hauteskundetan hautagaitzak aurkezteko beharrezko pausoak ematen hasi zen. “2017rako emakumeen iraultza antolatzea” helburu zuela.

Hasieran mugimenduko aktibistek ez zuten protesta topless-ean egin, barruko arropekin agertzen ziren euren ekintzetan, baina 2009ko abuztuan, Kiev hirian egindako manifestazio batean Oksana Shachko ekintzailea bularretakoa kendu zuen lehena izan zen. Une hori inflexio puntua izan zen Femenentzat, eta talde sextremista moduan errekonozitua izatea aldarrikatu zuen, hau da, emakumearen gorputza berdintasun politiko eta sexuala aldarrikatzeko erabiltzearen aldekoa.

Nazioarteko errekonozimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FEMENek mundu osoko komunikabideen arreta bereganatu zuen 2012an, mugimenduaren liderretako bat zen Inna Xevtxenko aktibistak, sovietarren jazarpenaren biktima izan ziren katolikoen omenez Maidan plazatik gertu altxatutako gurutze bat motozerra batekin eraitsi ondoren. “Ukrainako gizarteko sektore kontserbadoreenen eta biktimen senideen haserrea eragiteaz gain”, Femen erakundeko aktibistak jarri zituen jomugan, eta haien nudismoa protesta modu gisa zalantzan jartzen hasi zen. Inna Shevchenko ekintzaileak eta bere kideek asilo politikoa eskatu behar izan zuten Frantzian. Bertan kokatu ziren eta euren mugimendua nazioartean oihartzuna irabazten joan zen. Izan ere, Femenen arabera, “kulturen arteko ezberdintasunak badaude ere, mugimenduak emakume guztien eskubide unibertsalak defendatzen ditu ”.

Finantziazioa eta lidergoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Femen finantziazioa da mugimenduaren gai ilunenetako bat. Aktibistek defendatzen dute taldeak protestetarako erabiltzen duen diru guztia mugimenduaren publizitate-produktuak saltzetik datorrela (kamisetak, lore-koroak, pintura-espraiak). Hala ere pertsona anonimoen dohaintzak ere onartzen dituzte, eta horien artean enpresaburu batzuen izenak eman dira argitara, hala nola Helmut Geier Alemaniako enpresariarena edo Jed Sunden enpresari israeldar-amerikarrarena. Aktibistek Femenek finantzazio guztiz gardena duela defendatu arren, mugimenduan infiltratutako kazetari ukrainar baten arabera, “Femen aktibistek 1000$ inguruko soldata jasotzen dute hilero, eta bidaien gastu guztiak ordainduta dituzte, baita taldeko buru Inna Xevtxenkok daraman bizi-maila altua ere”.

Aldarrikapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FEMENek mundu osoan duen ospea bere aldarrikapen moduari egotzi behar zaio, izan ere, kamisetarik gabe eta lelo probokatzaileak daramatzaten emakumeak protesta egiten dute desberdintasun sozialen, patriarkatuaren, turismo sexualaren, prostituzioaren eta erakunde erlijiosoen kontra.

Gizarteko sektore batzuek uste dute protesta horiek adierazpen askatasuna urratzen dutela, erlijioei edota bestelako erakundeei eraso egiten dietelako. Beste batzuek, aldiz, gazte aktibistek protestetan pairatzen duten arriskua oso handia dela diote. Herrialde batzuetan, adibidez, Espainian, non Diputatuen Kongresuan protesta egin zuten abortuaren Lege berriaren aurka, edo Frantzian, non Marine Le Pen ultraeskuindar diputatuaren aurkako protesta egin zuten, litekeena da ekintza horien ondorioz emakume aktibistak atxilotu eta ordu batzuk ziegetan pasatzea. [7]

Beste herrialde batzuetan, ordea, Tunezen, adibidez, non manifestazioak egin zituzten Barne Ministerioaren aurrean, edo orain herrialde ortodoxoak eta neoliberalak diren errepublika sozialista zaharretan, protesta horiek ondorio larriak izan ditzakete: espetxe-zigorrak, polizia-indarkeria baita deserriratzea ere. Ekintza horiek, batez ere erlijioaren aurkakoek, polemika handia pizten dute gizartean, ez bakarrik sektore kontserbadoreenen artean, baita Femen erlijioaren aurkako ekintzak bortitzegiak direla eta pertsonen erlijio askatasunari eraso egiten diotela uste dutenen artean ere. [8]

FEMEN-en ekintza aipagarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere blogean adierazten dutenez FEMEN nazioarteko mugimendu feminista da, patriarkatuaren hiru zutabe nagusiren aurka diharduena: sexuaren industria, erlijioa eta erregimen antidemokratikoak. Aktibismo zuzena erabiltzen dute beren aldarrikapenak agertzeko. Egin dituzten ekintza ugarien artean honako hauek aipa daitezke:

  • 2012ko apirilaren 11n, abortu eskubideak etengo zituen Ukrainako legediaren aurka protesta egin zuten Femeneko bost ekintzailek, Kieveko Santa Sofia Katedraleko kanpandorreko ezkilak astinduz. Poliziak manifestazioa sakabanatu zuen [10]
  • 2012ko uztailaren 26an, Femenen ekintzailea zen Yana Zhdanovak, Moskuko Kirill I patriarka errusiarrari eraso egin zion, hura Ukrainara joan zenean. Zhdanova topless-ean zihoan eta bizkarrean margotuta zeuzkan "Kirill akatu" hitzak. Hamabost egunez egon zen atxilotuta bere ekintzengatik.[11]
  • 2012ko abuztuaren 17an, Inna Shevchenkok eta Femen-eko beste bi ekintzailek Kiev-eko Maidan plazatik gertu erlijioaren aurkako purga estalinistaren biktima kristauei eskainitako egurrezko gurutze handi bat bota zuten motozerra batekin. Ekintza honen ondorioz auzi penala ireki zen Femenen aurka, Ukrainako Zigor Kodearen arabera bandalismoa leporatuta. Gertakariaren ostean, Barne Ministerioko indar bereziek Kieveko egoitzaren inguruan blokeo bat antolatu zutela adierazi zuen Femenek.[12]
  • 2012ko azaroaren 18an: Talde katoliko integrista batzuek ezkontza homosexualaren aurka egindako manifestazioa aprobetxatuz, erakunde erlijiosoen aurka protesta egin zuten eta gay kolektiboaren eskubideak aldarrikatu zituzten. Ekintzaileak bortizki erasotu zituen Frantziako Poliziak. [13]
  • 2013ko urtarrilaren 13an Vatikanoko San Pedro plazan Benedikto XVI.a Aita Santuak bere apartamentuko leihotik angelusa errezatzen zuen bitartean lau emakumeak biluztu egin ziren, beren bularrak agerian utziz, bizkarrean "In gay we trust" (gayengan konfiantza dugu) idatzita zeramaten. [14]
  • 2013ko urtarrilaren 26an: Femen erakundeko hiru partaidek, Suitzako Davos hirian Munduko Ekonomia Foroa burutu zen egunetan, protesta egin zuten generoen arteko bidezko birbanaketa eskatzeko. Izan ere, emakumeak munduko kopururik handiena duten pertsona taldea dira, baina aldi berean pobreenak eta prestakuntza eskasena dutenak”. [15]
  • 2013ko otsailaren 8an, Femen erakundeko hainbat aktibista Rio de Janeiroko aireportuan Turismo sexualaren aurka. manifestatu ziren, Rioko karnabala aitzakiatzat hartuta, neska gazte andana gozatzea helburu duten turisten etorreraren aurka agertzeko.  Brasilgo sexu industria salatzen zuen erakundeak. [16]
  • 2013ko martxoaren 12an,  Femen elkarteko hiru aktibistek elkarretaratzea egin zuten Erromako Dante Alighieri ikastetxearen irteeran, bertan Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro izandakoa herrialdeko hauteskundeetan bozkatzen ari zenean. Protestarekin Berlusconiren aurka irekitako auziarekin jarraitzea eskatzen zuen Femenek, berarekin harremanak zituen adin txikiko prostitutaren polemikagatik.[17]
  • 2013ko martxoaren 12an,  Vatikano Hirian, Aita Santu berria aukeratu baino minutu batzuk lehenago, Femen taldeko bi kidek, topless-ean eta "Pope no more" (Aita Santu gehiagorik ez) leloa larruazalean idatzita zituztela, bengala gorriak piztu zituzten “kristautasunaren historia bortitz eta odoltsua salatzeko”. Ekintzaileak San Petri plazan zeuden, eta atxilotu egin zituzten.[18]
  • 2017ko abenduaren 25ean: Soina biluzik zeraman ekintzaile bat Jesus Haurraren irudia Vatikanoko San Pedro plazako Jaiotzatik eramaten saiatu zen. Neska gazteak "Jainkoa emakumea da" oihukatzen zuen ingelesez, eta eskultura hartzera iritsi zen, Vatikanoko Jendarmeriako agente batek eta zenbait poliziak atxilotu aurretik.
  • 2018ko azaroaren 20an: Francoren heriotzaren urteurrenean, Memoria Historikoa Indargabetzearen Aldeko Elkarteak Madrilgo Oriente plazan deitutako ekitaldi batean Femen elkarteko hiru kide ustekabean sartu ziren, horrelako ekintzak legezkoak izatea "lotsagarria" dela salatzeko.[19]
  • 2019ko apirilaren 26an: Bularra agerian zuten Femen taldeko ekintzaileak Voxek Madrilgo Kolon plazan hauteskunde-kanpainaren amaierako ekitaldia egin behar zuen oholtzan ustekabean azaldu ziren. Bi emakume igo ziren eszenatokira, gorputzaren goiko aldea agerian zutela, jantzirik gabe. Berehala Voxeko segurtasun taldeak desalojatu zituen.[20]
  • 2020ko otsailaren 14a: Femen erakundeko ekintzaile ugarik manifestazioa egin zuten Madrilgo Callao plazan, indarkeria matxistaren aurka. «Ezta emakume bat gutxiago ere» lelopean, eta «gaur bizirik gaude, bihar lurpean» oihukatuz, elkarretaratzea egin zuten 2020ko lehen bi hilabeteetan bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako emakumeen erailketak salatzeko.[21]
  • 2021eko martxoaren 28an FEMEN Spain erakundeko bost ekintzaile sartu ziren talde faxistek Madrilen antolatutako ekitaldian, "Faxismo legala, lotsa nazionala" eta "Faxismoari ez ohorea ez aintzarik" oihukatuz.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Ingelesez) FEMEN – FEMEN Official Blog. (kontsulta data: 2025-12-13).
  2. ↑ (Gaztelaniaz) Femen. (2014-04-01). En el principio era el cuerpo. Malpaso Ediciones SL ISBN 978-84-15996-51-4. (kontsulta data: 2025-12-13).
  3. ↑ (Ingelesez) «Kyiv Post. Independence. Community. Trust - Politics - Femen wants to move from public exposure to political power» www.kyivpost.com (kontsulta data: 2025-12-13).
  4. ↑ (Ingelesez) Popova, Yuliya. (2008-09-24). «Feminine Femen targets 'sexpats' - Sep. 25, 2008» Kyiv Post (kontsulta data: 2025-12-13).
  5. ↑ (Gaztelaniaz) Abdahllah, Ricardo. (2015-02-27). «La comandante Inna Shevchenko, líder de Femen, habla con BOCAS» El Tiempo (kontsulta data: 2025-12-14).
  6. ↑ (Gaztelaniaz) Yuste, Juan. (2015-06-18). «Poderosos retratos de activistas de Femen [desnudos»] Cultura Inquieta (kontsulta data: 2025-12-14).
  7. ↑ (Gaztelaniaz) Atlas, Agencia. (2013-11-18). «Las Femen quedan en libertad tras su protesta en una marcha antiabortista en Madrid» www.publico.es (kontsulta data: 2025-12-15).
  8. ↑ (Gaztelaniaz) España, Amnistía Internacional. Debe dejarse en libertad a las activistas de FEMEN. (kontsulta data: 2025-12-15).
  9. ↑ (Gaztelaniaz) «Detenida una activista ucraniana por desnudarse en el Vaticano» La Voz de Galicia 2011-11-06 (kontsulta data: 2025-12-16).
  10. ↑ (Gaztelaniaz) C.V, DEMOS, Desarrollo de Medios, S. A. de. (2012-04-11). «La Jornada: Repudian ucranianas proyecto de ley antiaborto» www.jornada.com.mx (kontsulta data: 2025-12-18).
  11. ↑ Press, Europa. (2012-07-26). «Una activista ucraniana semidesnuda se lanza contra el patriarca de la Iglesia Ortodoxa Rusa» www.europapress.es (kontsulta data: 2025-12-18).
  12. ↑ (Gaztelaniaz) Atlas, Agencia. (2012-08-17). «Activistas de Femen sierran una cruz en Kiev en apoyo a Pussy Riot» www.publico.es (kontsulta data: 2025-12-18).
  13. ↑ (Gaztelaniaz) «Católicos y feministas se enzarzan en una pelea en Francia» LaSexta 2012-11-18 (kontsulta data: 2025-12-18).
  14. ↑ (Gaztelaniaz) EFE. (2013-01-13). «'Topless' al Papa por los derechos de los homosexuales» www.publico.es (kontsulta data: 2025-12-18).
  15. ↑ (Gaztelaniaz) «Femen en Davos: tres activistas del movimiento feminista se desnudan ante el Foro Económico Mundial (FOTOS, VÍDEO)» ElHuffPost 2013-01-26 (kontsulta data: 2025-12-18).
  16. ↑ Press, Europa. (2013-02-08). «Brasil.- Activistas de Femen protestan semidesnudas en el aeropuerto de Río de Janeiro contra el turismo sexual» www.europapress.es (kontsulta data: 2025-12-18).
  17. ↑ (Gaztelaniaz) «Tres jóvenes desnudas interrumpen la votación de Berlusconi en Milán» Diario ABC 2013-02-24 (kontsulta data: 2025-12-18).
  18. ↑ (Gaztelaniaz) cronologia/-/meta/agencia-efe. «Protestan desnudas en El Vaticano tras el inicio del cónclave» www.laprensa.hn (kontsulta data: 2025-12-18).
  19. ↑ (Gaztelaniaz) AGENCIASMadrid. (2018-11-18). «Activistas de Femen protestan en un acto de Falange convocado por el aniversario de la muerte de Franco» ELMUNDO (kontsulta data: 2025-12-19).
  20. ↑ (Gaztelaniaz) PRESSMadrid, EUROPA. (2019-04-26). «Activistas de Femen irrumpen a pecho descubierto en el escenario de Vox en Colón» ELMUNDO (kontsulta data: 2025-12-19).
  21. ↑ (Gaztelaniaz) «Activistas de Femen protestan en Madrid contra la violencia machista bajo el lema 'Ni una menos'» LaSexta 2020-02-14 (kontsulta data: 2025-12-19).