Edukira joan

Kapan

Kapan
Կապան
Armeniako hiria edo herria
Administrazioa
Estatu burujabe Armenia
Armeniako probintziaSiunik
Armeniako udalerriaKapan Municipality
Izen ofizialaԿապան
Jatorrizko izenaԿապան
Posta kodea3301–3308
Geografia
Koordenatuak39°12′04″N 46°24′54″E / 39.2011°N 46.415°E / 39.2011; 46.415
Mapa
Azalera36 km²
Altitudea910 m
Demografia
Biztanleria32.780 (2022)
Dentsitatea911 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraXIX. mendea
Hiri senidetuakBarysau eta Glendale
Hizkuntza ofizialaarmeniera
kapan.am

Kapan (armenieraz: Կապան, translit.: Kapan[1]; NAF: [kɑˈpɑn] ahoskatua) Armenia hego-ekialdeko hiria da, Kapan udalerriaren herriburua eta Siunik probintziako hiriburua.

Voghji ibaiaren haranean eta Azerbaijango mugatik gertu dago, eta Khustup mendiaren iparraldeko magalean. Siunik probintziako herririk populatuena da, baita Armeniako hegoaldeko eskualde osokoa ere. 2011ko erroldaren arabera Kapan herriak 43.190 biztanle zituen. 2022ko erroldaren arabera, gaur egun herriak 32.780 biztanle inguru ditu.

Kapan inguruan meatzaritza gune garrantzitsua izan ziren. Sobietar garaia amaitu zenean, industria hori krisian sartu zen. Ondorioz, populazioa jaitsi zen. Azken urteetan turismoak indarra hartu du, batez ere inguru naturalarekin lotutakoak.

Kapan inguruari buruzko lehen erreferentziak Erdi Arokoak dira. Hala, hirian eta inguruetan eraikin historiko ugari topa daitezke: IV. mendeko Baghaberd gotorlekua; Erdi Aroko zubia, 871. urtekoa; IX. mendeko Tatev monasterioa; Vahanavank, XI. mendeko monasterioa; eta XVII. mendeko Halidzor gotorlekua

Armeniako Unibertsitate Politekniko Nazionalak campusa dauka hirian. Aireportua ere badauka Kapanek.

Kapan izena armeniera klasikoko kapan hitzetik dator, «mendi pasabide» esan nahi duena. Ondorengo mendeetan, izena Ghap’an bihurtu zen, eta 1991ra arte erabili zen, izenaren forma zaharragoa berrezarri zen arte.

Antzinaroa eta Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
IV mendeko Baghaberd gotorlekuaren aztarnak, Kapanetik gertu

Kapan modernoaren eremua V. mendean aipatu zen lehen aldiz, Siunia dinastiaren propietateen barruko kokaleku txiki gisa. Historikoki, Siunikeko Baghk’ kantonamenduaren parte izan zen, Armenia Handia historikoko bederatzigarren probintzia. Jatorriz kokaleku txikia izan arren, IX mendearen amaieran eta X. mendearen hasieran Dzagik printzeak gotortu egin zuen, dzagiktar printzeen egoitza bihurtuz. X. mendearen amaieran Siunik herriko agintari Smbat II.a printzea Kapan herrira joan zen eta Siunik Erresuma sortu zuen, bere burua Armeniako Bagratid Erresumaren protektoratupeko errege aldarrikatuz. Siunik erresumako hiriburu bezala, Kapan loratu egin zen XI mendean zehar, 20.000 biztanle ingurura iritsiz, gehienbat armeniarrek osatua, gutxiengo judu nabarmen batekin. Artisautza eta metalurgia gune bat izan zen.

1103an Kapan erabat hondatu zuten seljuktar inbaditzaileek. Siunik herriko Stephen Orbelian Erdi Aroko historialari armeniarrak dio seljuktarrak Kapan auzo judutik hasi zirela sarraskitzen. 1170ean, Siunik erresuma erori ondoren, Siunik eta Armeniako gainontzeko lurralde historikoek hainbat inbasio jasan zituzten XII eta XV. mendeen artean: seljuktarrak, mongoliarrak, aq koyunlu leinua eta kara koyunlu leinua.

Iranen agintea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendearen hasieran Kapan Erivan probintziaren parte bihurtu zen, Irango Safaviden Inperioaren barruan. 1722an Kapango printzerri armeniarra ezarri zen, Siunikeko familia nobleak estatu bakar batean batuz, musulmanen aurka borrokatzeko asmoz.[2] XVIII mendearen hasieran Kapan David Bek armeniar buruzagi militarrarekin lotuta zegoen. Honek Siunikeko armeniarren askapen kanpaina zuzendu zuen irandarren eta turkiar otomandar inbaditzaileen aurka. David Bekek 1722an hasi zituen borrokak, bertako milaka armeniarren laguntzarekin, Avan Yuzbashi eta Mkhitar Sparapet barne, Siunik kontrolpean hartuz. Beken borroken erdigunea Kapanen ipar-mendebaldeko Baghaberd gotorlekua eta Kapanen hego-mendebaldeko Halidzor gotorlekua izan ziren, eta 1728an hantxe hil zen. 1747an Kapan Nakhitxevango Khanerrian sartu zen eta 1750an Karabakheko Khanerri sortu berriaren parte bihurtu zen. XVIII. mende amaieran, Irango Qajar dinastiaren agintaldian hiri-kokaleku esanguratsu bihurtu zen.

Errusiar agintea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1813an Siunik historikoaren lurraldea, Kapan eskualdea barne, ofizialki Errusiar Inperioaren parte bihurtu zen 1804-1813ko Errusiar-Persiar Gerraren eta Errusiaren eta Iranen artean sinatutako Gulistango Itunaren ondorioz. 1828-1830ean Irango Khoy eta Salmast hirietako familia armeniar askok eskualdera migratu zuten. 1868an Errusiako Inperioko Elizavetpol Gobernazioaren barruko Zangezur uezdaren parte bihurtu zen. XIX. mendearen azken laurdenean Kapanek eskualdeko hiri-komunitate garrantzitsu bat osatu zuen, hainbat herrixka elkartu ondoren.

Historia modernoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Armeniar genozidioaren memoriala

Armeniako Errepublikak zein Azerbaijango Errepublika Demokratikoak Kapan aldarrikatu zuten 1918 eta 1920 urteen artean. 1920ko abenduko Armeniako sobietizazioaren ondorioz, Kapan Armenia Menditsuko Errepublikan sartu zen Garegin Nzhdeh-en agindupean. Hau boltxebikeen aurka borrokatu zen 1921eko apirilaren 26tik eta uztailaren 12ra bitartean. 1921eko uztailean Sobietar Armada Gorria Zangezur eskualdean sartu ondoren, Kapan sobietarren mende geratu zen, Goris, Sisian eta Meghri herriekin batera. Geroztik, Armeniako SESren zati bezala administratua izan zen.

1930eko irailean Kafan raiona eratu zen, Kapan administrazio-gune zuela. 1938an Kapanek hiri estatusa jaso zuen. Meatze eta industria gune garrantzitsua izan zen Armenia sobietarrean. Hiria Kafan bezala ezagutzen zen errusieraz eta Ghap’an gisa armenieraz, 1991 arte.[3] Nikita Khrushcheven Desizozte garaian, Kapanek Anastas Mikoyanen bisita izan zuen, eta hiriko eta inguruko garapen ekonomikoko proiektuei buruzko aholkuak eman zizkien Armeniako sobietar funtzionarioei.

1991n Armeniak independentzia lortu ondoren, Kapan Siunik probintzia sortu berriaren erdigune bihurtu zen, 1995eko erreforma administratiboen ondorioz. Nagorno-Karabakheko Lehen Gerran, hiria bonbardatu egin zuen Azerbaijango Zangilan Barrutitik zetorren artilleriak, populazio zibilaren artean heriotzak eraginez. Hori dela eta, Armeniako operazio batek Azerbaijango mugako inguruko hainbat herri harrapatu zituen 1992ko abenduan.

Geografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Khustup mendia herriari begira
Shikahogh estatuko erreserba

Kapan Siunik probintziako hiririk handiena da, baita Armenia hegoaldeko eskualde osoa ere. Siunik mendiaren ekialdean dago, ekialdetik mendebaldera km-ko luzera duen Voghji ibaiaren haran estuaren barruan, Zangezur mendien hego-ekialdeko magalean, Bargushat eta Meghri gandorren artean.

Irango mugatik 80 kilometro iparraldera dago herria. 3201 metroko garaierarekin, Khustup mendia eskualdeko gailurrik garaiena da. Kapan itsas mailatik 750–1050 metrora dago, eta batez besteko altuera 910 metrokoa da. Voghji ibaiaren bi ibaiadar igarotzen dira herritik, Vatxagan eta Kavart.

Kapanek klima kontinental hezea du (Köppen Dfb), uda oso beroekin eta negu hotzekin. Tenperaturak 38 ºC irits daitezke udan, eta -15 °C-ra eror daitezke neguan.

Shikahogh Estatuko Babesgunea, 1958an sortua, Kapanetik 14 kilometro hegoaldera dago, Shikahogh herritik gertu. Babesgunean 1.100 landare-espezie inguru daude, eta horietatik 70 Armeniako Liburu Gorrian erregistratu dira. Shikahogheko fauna ez da guztiz esploratu, baina ikerketek animalia espezie arraroak azaleratu dituzte, hala nola lehoinabarra, basahuntza, hartza, sugegorria eta trikua.[4]

    Datu klimatikoak (Kapan)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 7.1 8.4 11.7 17.1 21.8 25.8 29.3 29.3 24.4 19.8 13.1 9.0 18.1
Batez besteko tenperatura (ºC) -3.0 -1.8 1.9 8.1 12.9 16.9 20.2 20.2 15.7 10.4 3.6 -0.5 8.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -13.0 -12.0 -8.0 -1.0 4.0 8.0 11.0 11.0 7.0 1.0 -6.0 -10.0 -0.7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 28 32 60 80 96 68 31 30 43 55 40 27 590
Iturria: WMO [5]
Santa Katalina Kapango eliza ortodoxo greziarra

Kapan armeniar zibilizazioaren gune historiko garrantzitsua da Siunik eremu historikoaren barruan. Erdi Aroan judutar komunitate handi bat bizi izan zen Kapanen, auzo propio batean.

XIX. mendearen lehen erdian ingeniari eta langile errusiar eta alemaniar asko iritsi ziren Kapanera, eskualdeko kobre meategietan lan egiteko. 1850ean greziar espezialistak ere iritsi ziren herrira. Greziarrek Kapanetik gertu Santa Katalina eliza ortodoxoa eraiki zuten 1865ean.[6]

Kapan herriak 45.711 biztanle zituen 2001eko erroldaren arabera. Hala ere, populazioa asko jaitsi da XXI. mendearen lehen hamarkadan, 34.600era iritsi arte, 2016ko estimazio ofizialaren arabera.

Gaur egun, Kapan armeniar etniako kideek populatzen dute ia erabat. Armeniako Eliza Apostolikoko kideak dira. Herriko Saint Mesrop Mashtots eliza 2001eko abenduan ireki zen eta Armeniako Eliza Apostolikoaren Siunikeko elizbarrutiak arautzen du, inguruko Goris herrian egoitza duena.[7] 2015ean erabat modernizatu zen Kapan Medikuntza Zentroak zerbitzatzen du herria.

Vahanavank monasterioa

Kapan herriaren alde historikoa gaur egungo hiritik 10 kilometro mendebaldera dago. Armeniako kokaleku historikoetako bat denez, Kapan eta inguruetan armeniar arkitekturako ondare monumentu asko daude, besteak beste:

  • IV mendeko Baghaberd gotorlekua, Davit Beken gaztelua bezala ere ezaguna.
  • Kapango Erdi Aroko zubia, 871. urtekoa da.
  • IX. mendeko Tatev monasterioa, antzina oso ezaguna zen tabernakulu zahar baten lekuan sortua.
  • Vahanavank, XI. mendeko monasterioa.
  • XVII. mendeko Halidzor gotorlekua
Bigarren Mundu Gerraren memoriala Kapanen

Herriak armeniar patriota ospetsuen hainbat estatua ditu, hala nola 1983an eraikitako Davit Beken zaldizko estatua, eta 2001ean irekitako Garegin Nzhdehen oroitarria. Hiriko beste estatua apaingarri batzuk honako hauek dira: 1966an altxatutako Kajaran's Keyko hartzaren estatua, 1978an altxatutako Zangezurreko neskaren estatua, 1987an irekitako Bigarren Mundu Gerrako memoriala eta 1988an altxatutako armeniar genozidioaren memoriala.

Kajaran's Keyko hartzaren estatua

Gaur egun herrian Geologia Museoa eta Shmavon Movsisyanen izena duen historia museoa daude. Kapango beste kultur erakunde batzuk dira 1972an irekitako Arte Ederren Haur Eskola, 1977an irekitako Kultur Etxea, 1981ean irekitako Arteen Haur Eskola, liburutegi publikoa, 1990ean irekitako haur eta gazte sormen zentroa, Alexander Shirvanzade antzerki dramatikoa, eta baita bi musika eskola ere, 1977an eta 1986an ireki zirenak. Erevango Arte Modernoaren Museoaren adar bat ere badago Kapanen.

Komunikabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapanek tokiko bi telebista enpresa ditu: Khustup TV eta Sosi TV. Khustup TV 2004an sortu zen eta Siunik eskualde osoa hartzen du. Sosi TV 2012an sortu zen eta Siunik erdialdeko eta hegoaldeko zatiak hartzen ditu.

Kapango Erdi Aroko zubi bat, 871. urtekoa

Erevan hiriburua eta Armeniako hegoaldea eta Irango muga lotzen dituen KaM-2 errepide nagusia Kapanetik igarotzen da. Nagorno-Karabakheko Lehen Gerraren aurretik, gertuko aireportuak YAK-40 eta AN-14 zama-hegazkinak hartu zituen.[8][9][10] Aireportua 2023an ireki zen berriro, eta herriaren eta Erevan hiriburuaren arteko hegaldiak egiten ditu; hala, Kapan Armeniako hirugarren hiria da, Erevan eta Gyumriren ondoren, aireportu operatiboa duena.[11]

Kapaneko ekonomia gogor jo zuen sobietar garaiaren amaierak eta Karabakh Garaiko gerrak. Dena dela, hazkunde zantzuak ikusten hasi dira. Historikoki, meatze gunea izan da

Jainkoaren Ama Santuaren eliza, 1086an eraikia, Kapan inguruko mendien artean kokatua

Kapanen burdina ez diren beste hainbat metal produzitu izan dira. Hiriko meatze konpainia gaur egun Chaaratena da, konpainia britainiar bat. Shahumyan eremua ustiatzen du.

Hainbat industria ere badaude hirian. Nagusiak hauek dira; eraikuntza materialen CHSHSH enpresa, 1947an sortua; makina erreminta planta, 1972an sortua; Sonatex joste fabrika, 1985an sortua; eta Marila LLC okela eta esnekiak egiteko, 2010ean sortua.

Turismoa hazten ari da Kapan eskualdean. Halidzor herria eta Tatev monasterioa lotzen dituen Wings of Tatev aireko tranbiak asko lagundu du turismo sektorearen garapenean. Hotel eta mendiguneetako etxe asko etorkizun hurbilean irekitzekoak dira, eta Kapango Siunik aireportuaren hurrengo irekierak, berriz, turismorako sarbidea areagotuko du. Ark Ecological GKEk Kapanen du egoitza nagusia, eta 2013tik Siunik eskualdean ekoturismoa garatzeko lanean ari da; gaur egun, mendi ibilaldien azpiegitura eraikitzen ari da, Kapan eta Tatev monasterioa lotzeko.

Armeniako Unibertsitate Politekniko Nazionaleko Kapan campusean bi fakultate daude:[12][13]

  • Teknologia eta Ekonomia Sektorialeko Fakultatea
  • Natur Zientzien eta Komunikazio Sistemen Fakultatea.
Kapan estadioa

Futbola da hiriko kirol nagusia. FC Gandzasar 2004an sortu zuten eta hiria ordezkatzen du Armeniako ligan. Etxeko partidak hiriko estadioan jokatzen ditu. Taldea hirutan gelditu da hirugarren ligan.

2013ko maiatzean Gandzasar taldeak futbol zelaiak ireki zituen, tartean zelai artifiziala zuen bat. Akademia Siunik probintziako lehen futbol zentro tekniko garatua bihurtu zen.[14]

Hiriak Davit Hambardzumyan kirol eskola ere badauka ume eta gazteentzat. 1969an ireki zuten. Futsal talde bat ere badago. 1977tik gimnasia artistiko eskola bat ere badauka hiriak.

Nazioarteko harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko urrian Iranek kontsulatu jeneral bat ireki zuen Kapanen.[15]

Herri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nagorno-Karabakheko gatazkaren hilerria

Hiritar nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • David Ambartsumian, sobietar armeniar urpekaria, Europako txapelduna
  • Tatoul Markarian, armeniar diplomazialaria
  • Armen Movsisian, Armeniako Energia ministro ohia
  • Karen Sargsian, Armeniako Opera Antzokiko maisu gorena
  • Lusine Gevorkian, Tracktor Bowling eta Louna nu metal talde errusiarretako abeslari nagusia
  • Artsvik Harutiunian, abeslaria eta Armeniaren ordezkaria 2017ko Eurovision Abesti Lehiaketan
  • Levon Aghasian, olinpiar atleta
  • Vardan Ghazarian, futbol entrenatzailea eta jokalari ohia
  • Gor Hakobian, abeslaria, raperoa, aktorea eta telebista aurkezlea

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Euskaltzaindia, 163. arauaː Georgieraren eta armenieraren alfabetoetan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemak (PDF). 2026ko urriaren 29an kontsultatua.
  2. ↑ Hewsen, Robert (1973–1974), «The Meliks of Eastern Armenia II», Revue des Études Arméniennes, 10. lib., Paris: Sorbonne University, 219. or., ISSN 1783-1741.
  3. ↑ «Информационный бюллетень изменений географических названий стран-участниц СНГ (1987-2013 г.г.)» (PDF), Федеральная служба государственной регистрации, кадастра и картографии (Росреестр) (Errusieraz), 6. or., 2019ko urtarrilaren 25a. 2021eko martxoaren 26an kontsultatua.
  4. ↑ Armenia Tree Project - Environmental News and Analysis.
  5. ↑ World Weather Information Service, WMO. 2023ko uztailaren 3an kontsultatua.
  6. ↑ «Հունական մշակույթի հետքերով | Syunacerkir.am», old.syuniacyerkir.am.
  7. ↑ «Օծվեց Կապանի սբ Մեսրոպ Մաշտոց եկեղեցին | ԱՐՄԵՆՊՐԵՍ Հայկական լրատվական գործակալություն», armenpress.am.
  8. ↑ «First test landing at Syunik Airport carried out in Armenia with governor on board», Panorama.am, 2017ko abuztuaren 6a.
  9. ↑ «Company Tied to Syunik Government Gets 25-Year Lease to Operate Kapan Airport», Hetq.am, 2017ko irailaren 30a.
  10. ↑ «Մեծ հույսեր ունեմ, որ մեկ տարվա ընթացքում կկտրենք Կապանի օդանավակայանի ժապավենը. Վահե Հակոբյան», www.tert.am. 2022ko ekainaren 12an kontsultatua.
  11. ↑ Flying from Yerevan to Syunik, 2023ko irailaren 13a.
  12. ↑ Faculty of Technologies and sectoral economics, Kapan campus. 2016ko urriaren 16an kontsultatua.
  13. ↑ Faculty of Natural sciences and communication systems, Kapan campus. 2016ko urriaren 16an kontsultatua.
  14. ↑ Gandzasar football academy.
  15. ↑ Motamedi, Maziar (2022ko urriaren 22a), «Iran opens mission in strategic Armenia region as it expands ties», Al Jazeera (Ingelesez). 2024ko otsailaren 20an kontsultatua.
  16. ↑ «Interactive City Directory», Sister Cities International. 2014ko martxoaren 11n kontsultatua.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]