Robert Brown
Robert Brown (Montrose, 1773ko abenduaren 21a – Londres, 1858ko ekainaren 10a) eskoziar botanikaria izan zen.
Edinburgoko Unibertsitatean sartu zen Medikuntza ikastera, baina botanikarekiko interes handiagoa erakutsi zuen; Eskoziako Lur Garaietara espedizio botanikoak egin zituen, eta bere landare bildumen deskribapen zehatzak idatzi zituen. William Witheringekin ere harremanetan jarri zen eta harentzako aleak bildu zituen.
1793an medikuntza ikasketak utzi eta 1794an Eskoziako milizian izena eman eta Irlandara bidali zuten. Han botanikari eskaini zion denbora librea eta kriptogamekiko interesa agertu zuen. 1800. urtean Irlandako botanikari garrantzitsuenetako bat zen eta garaiko botanikari nagusienekin korrespondentzia izan zuen.
1801ean Australiarako espedizio zientifiko batean ontziratu zen. Hiru urte eta erdiz ikerketa sakonak egin eta 3.400 ale inguru bildu zituen. 1805ean Ingalaterrara itzuli zen.
Aitzindaria izan zen mikroskopioaren erabileran, eta zehatz-mehatz deskribatu zituen zelula nukleoa eta ziklosia. Landareen ongarritze eta polinizazioari buruzko lanetan ere aitzindaria izan zen, eta angiospermen eta gimnospermen arteko aldea aitortu zuen. Palinologiari buruzko ikerketak egin zituen. Landareen taxonomian ere lagundu zuen.
1830ean Royal Geographical Society-ren zazpi sortzaileetako bat izan zen eta 1849tik 1853ra Linnean Society of London-eko presidentea izan zen.