Edukira joan

Hesperideak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hesperideak
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
BizitokiaHesperideen lorategia
Familia
AitaZeus, Atlas, Erebo, Fortzis eta Eosforo
AmaNix, Temis, Zeto eta Hesperis (en) Itzuli

Hesperideak (antzinako grezieraz: Ἑσπερίδες) greziar mitologiako ninfa batzuk ziren, mendebaldean, Atlas mendilerroaren inguruetan lorategi mitiko bat zaintzen zutenak, Hesperideen lorategia edo baratza. Antzinako geografoek munduaren mendebaleko mugan zeudela uste zuten. Garai modernoagoetan, Cabo Verde edo Kanariar uharteak zirela uste izan da. Heraklesek Herarenak ziren lorategiko urrezko sagarrak lapurtu zituen bere hamaikagarren lanean.[1]

Estesikoro greko-siziliar idazleak bere "Gerionen abestia" liburuan, eta Estrabon greziar geografoak bere "Geographikan (III. liburukian)" kontatzen dute Hesperideen lorategia edo baratzea Tartessosen zegoela, hau da, Iberiar penintsulako hego-mendebaldean.

Erromatar mitologian, Hesperideen lorategia jadanik ez zen erlijiozko lekua, konbentzio poetiko bat baizik.

Hesperideak beren lorategi (edo baratze)[2] oparoagatik eta Hera jainkoaren sagarrondoa babesten zutelako ziren ezagunak. Gea jainkosak eman zion zuhaitz hori Herari,[3] eta hilezkortasuna ematen zuten urrezko sagarrak ematen zituen.

Izenak Hesperos (arratsaldea) hitzetik dator. Hesperos, latinez Vesper, Hesperos izenaren jatorria da, arratsaldeko izarra (hau da, Artizarra planeta).

Tradizio gehienen arabera, hiru eta zazpi Hesperide artean zeuden, baina izenak iturriaren arabera aldatzen dira. Hesiodok (K.a. 700 inguruan) Egle (Distira), Eritea eta Hesperetusa (Arratsaldeko distira) izenak aipatzen ditu; eta Apolonio Rodasekoak (K.a. III. mendea) Egle, Eriteide (Eskarlata) eta Hespere izenak eman zizkien. Apolodororen (K.a. 180-120) arabera, Egle, Eritía, Hesperia eta Aretus izenak zituzten. Hesiodok "ahots garbikoak" epitetoa eman zien.[4]

Hesperideen lorategia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herakles Hesperideen lorategian sagarrak hartzen. Herculesen lanak mosaikoaren zati bat. Liria (Valentzia),M.A.N.

Hesperideen lorategia eguzkia sartzen den tokian kokatzen zuten greziarrek, Ozeanoaren ertzean. Hesperideak ("Arratsaldekoak" edo "Mendebaldekoak") Gauaren alabak ziren Hesiodoren arabera, eta suge erraldoi batek (grezieraz, Drakon) zaindutako urrezko fruitudun zuhaitzen lorategi eder batean bizi ziren. Haien bizilagunen artean Atlas eta Gorgonak zeuden. Estesikorok, Heraklesek Gerionen behiak lapurtu zituela kontatzean, dio Hesperideek "beren urrezko etxea jainkoen uharte ederrean zutela". Lekuaren ezaugarri bereziak, naturaz gaindik egotea eta toki zoriontsua izatea, Euripidesek adierazten du argien, bere Hipolitori buruzko testuan, lorategia muga kosmikoetan kokatzen baitu, itsas bideak amaitzen diren eta zerua bere mugara iristen den tokian: "iturburuek anbrosia (jainkoen janaria) tantaka dabiltzan lurralde zoragarria da".[5]

Heracles eta Hesperideen lorategiko sagarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lorategian girotutako mito nagusia Heraklesen lanetako bat da. Bere azken lanean, heroiak Hesperideen Lorategiko urrezko sagarrak hartu behar ditu. Bi bertsio literario nagusik kontatzen dute balentria. Ferezidesek transmititutakoak kontatzen du Heraklesek ez dituela sagarrak pertsonalki lapurtzen, baizik eta, Ekialde urrunetik munduko mendebaldeko muturreraino eraman duen bidaia baten ondoren, Atlasek fruituak eskuratuko ditu Heraklesek, Atals ordezkatuz, zeruko gangari eusten dion bitartean. Paniasisek kontatzen deun bertsioan ez da Atlas aipatzen, eta Herakles bera da, lorategira sartu eta suge-zaindaria hil ondoren, urrezko sagarrak lortzen duena. Ikonografian beste bertsio batzuk azaltzen dira, agina, galdu diren beste lekukotasun literario batzuen isla.

Izan ere, zeramikazko hainbat ontzitan (batzuk Zirenaikan aurkituak, Ipar Afrikako greziarrek kolonizatutako lurralde batean), Herakles indarkeria zantzu oro desagertu den lorategi batera sartzen da: Hesperideek heroiari ongi etorria egiten diote, sagarrak biltzen laguntzen diote, sugea entretenitzen dute, eta Eros jainkosak ere hegan egiten du, Heraklesek maitasunaren armekin proba gainditu duela adieraziz. Heraklesen azken lanek esanahi sinboliko berria hartzen dute lorategiaren karakterizazio honi esker, ikonografiak hain argi ilustratzen duena. Mendebalde urrunaren (Gerionen atala) eta Lurpeko Munduaren (Zerbero harrapatzeko jaitsiera) ondoren, lorategia da Herakles gizakitik jainkora eraldatzen duen (eta bere apoteosiarekin amaitzen den) bestetasunean pixkanaka sartzeko urrats erabakigarria. Hesperideen Lorategia gozamen leku gisa irudikatzen da, jainkoen zoriontasun erreinuaren aurre-ganbera gisa.

Ez da harritzekoa Zireneko afrikar greziarrek, antzinatik, lorategia beren lurretan zegoela defendatzea: K.a. 500. urteko txanpon batean, Herakles Hesperide baten aurrean irudikatzen zuten jada, indarkeriarik gabeko eszena batean, edo Eusperides izena eman zioten K.a. VI. mendearen hasieran beren lurraldearen mendebaldeko muturrean sortu zuten hiriari; Zirenaika, greziar hedapenaren bazterreko eremua, mitoari esker jainkoen erreinutik hurbilen zegoen puntu bihurtu zen, leku bedeinkatua.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ www.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-04-25).
  2. ↑ Antzinako grezierazko izena lorategia esatekoa, Κῆπος (Kêpos), baratzea ere esan nahi du.
  3. ↑ «HESPERIDES - Greek Goddess-Nymphs of the Evening & Sunsets» theoi.com (kontsulta data: 2026-04-25).
  4. ↑ (Ingelesez) Miate, Liana. (2023-02-28). «Hesperides» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2026-04-25).
  5. 1 2 Díes de Vaelasco, Francisco. «Jardín de las Hespérides y la apoteosis de Heracles» Prof. Dr. Francisco Díez de Valasco. Universidad de La Laguna (kontsulta data: 2026-04-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]